Y Lanin-G lan metodoaren gizarteratzea hasi du Cederna-Garalur garapen elkarteak ~ LANIN-G EUSKERA

2014/09/18

Lanin-G lan metodoaren gizarteratzea hasi du Cederna-Garalur garapen elkarteak


PRENTSA-OHARRA

Nafarroako Mendialdean elkarlanean ari dira arlo pribatua eta publikoa,
lana eta ekonomia sustatuko dituzten proiektuak identifikatu eta bultzatzeko

Nafarroako Mendialdeari bultzada emateko asmoz, elkarlanean eta parte-hartzean oinarritzen den lan metodo berria bultzatu du Cederna-Garalur Nafarroako Mendialdeko garapen elkarteak. Lanin-G[1] izena eman diote, lan eginez lortuko delako landa eremura berrikuntza, sormena eta etorkizuneko lanpostuak iristea. Horixe da erronka nagusiena, krisitik irteteko pausoak ematea eta elkarlana da horretarako giltza. Eskura ditugun giza-baliabideei, baliabide materialei eta naturak eskaintzen dizkigun altxorrei duten balioa ematen ikastea. Esate baterako, oihanen ustiapen egokia egitea, bertan ekoiztu eta bertan kontsumitzeko bideak zabaltzea,  biomasa hedatzea…
Entitateen elkarlana giltzarri
Ingurune batek dituen indargune eta ahulguneak ezagutzeko zer hoberik bertakoei galdetzea baino? LEADER[2] programa hartu dute oinarri eta lan talde irekiak osatuta ari dira lanean. Gobernantza parte-hartzailea eginaz, arlo pribatua eta publikoa, norbanakoak, elkarteak, enpresak, mankomunitateak… hartu-emanean jarri dituzte. Batzuen eta bertzeen ikuspegiak jasota errealitatea ahalik eta hobekien ezagutu nahian.
Etorkizuna eraikitzeko lanean
Nafarroako Gobernuak eta Europako Batasunak finantzatu dute egitasmoa LGP-Nafarroako Mendialdea 2007-2013 programaren bitartez eta 48.000 euroko aurrekontua du. 2013an hasi ziren lanean eta urte amaierarako 16 bilera eginak zituzten, 187 parte hartzailerekin.
Lau fasetan banatua
Lanin-G lan metodoa lau fasetan banatzen da. Lehendabizi, eremu estrategikoak zehaztu eta esparru desberdinetako ordezkariak bilatzen dituzte, hauekin lantaldeak sortzeko. Iritziak bildu eta eskualdearen diagnosia egitea da hurrengo pausoa. Segidan, lan ildoak eta jarraitu litezkeen estrategiak proposatzen dituzte denen artean eta amaitzeko egitasmo horiek aurrera eramateko akzio zehatzak planteatzen dira.
Nafarroako Mendialdea ingurune zabala denez, lan dinamika errazteko helburuarekin, proiektua zazpi eremutan banatzea erabaki dute: Sakana, Bidasoa-Baztan-Malerreka, Aezkoa-Erro-Esteribar, Mendialdea, Erronkari-Zaraitzu, Zangoza aldea eta  Pirinio aurrea. Dena den, Nafarroako Mendialde osoan Natur Guneetako turismoa eta mikologia garatu nahi dituztenez, arlo horietarako mahai sektorial bana osatu dute eta bilerak egiten ari dira dagoeneko.


[1] Proyecto de comunicación y transferibilidad del proceso de gobernanza participativa iniciado por Cederna-Garalur en el marco del proyecto Lanin-G para el desarrollo sostenible de la Montaña de Navarra(2013-2014). Este proyecto se marca en el marco de los proyectos financiados por la Unión Europea: PDR 2007-2013 EJE 4 Leader-DER 2013 1431 413 3 02 DSR
[2] LEADER izenez ezagutzen dira Europar Batasunak landa-garapena bultzatzeko diseinatutako ekimenak; izena Frantsesezko "Liaisons entre activités de Developement de L'Economie Rural" izen osoaren siglak dira (Landa Ekonomiaren Garapenerako Ekintzen arteko Lotura).



Deskargatuprentsa oharra